SAREA: INFORMAZIOAREN DEMOKRATIZAZIOA ETA ASKATASUNAREN IRUZURRA
- Nere Arima
- 31 ene 2021
- 3 Min. de lectura
Actualizado: 3 feb 2021
Internet partikular ororen etxeetan sartu zenetik, aldaketa inportantea suposatu du gure bizimoduan: informazioa eta entretenimendua kontsumitzeko joerak erabat eraldatu dira, baita horiek sortu eta zabaltzeko ahalmenak.

INFORMAZIOAREN DEMOKRATIZAZIOA
Sakelako dispositiboek eskaintzen duten 24 orduko konektibitateak masen auto-komunikazioaren eragile nagusia izan da: horiei esker etengabe mezuak igortzen eta jasotzen ditugu modu masiboan. Hedabide tradizionaletan hartzailearen papera betetzen genuen, baina egun, jaso ez ezik, gure mezu propioa hedatzeko gaitasuna daukagu. Beraz, informazioaren demokratizazio osoa eman dela defendatu dezakegu? Internetak aldaketarako tresna moduan dituen alderdi anitzak aztertu ondoren erantzun beharko diogu galdera honi.
Komunikatzeko erak erabat aldatu egin diren arren, informazioa eta boterearen arteko harremana betikoa izaten jarraitzen du, manipulazio bideak eta iritzi publikoaren agenda kudeatzeko kanalak berrizu izanak, ez du esan nahi informazioaren erabilera betiko helburuetatik gehiegi aldendu denik. Noizbait filosofo batek adierazi zuen moduan: “la información es poder”, eta pribilegiatuek haien maila mantentzeko armak zaharberritu behar izan dituzte hedabideen eboluzioari egokitzeko.
AUTOKOMUNIKAZIOA ETA BOTEREA: MAITASUNA EDO GORROTOA?
Azken boladan, sare sozialak eztabaida espazio bilakatu dira, bertan, mahai-inguru tradizionaletan bezala, pertsona batzuk kezka sortu dien gai baten inguruan hitz egiten dute, batzuetan, proiektuak edo mobilizazioak aurrera eramateko antolatzen dira ere. Hau da, kausak espazio zibernetikotik, espazio errealera mugitzen dira. Ezagunak dira sare sozialen bidez piztu eta kaleetara hedatu diren mobilizazioak: Madrilgo 15M-a edota Brasilgo 2013ko manifestazioak, esaterako. Ondoriozta dezakegu beraz, internet jendea astintzeko gaitasuna duela neurri batean. Borrokarako arrazoiak ezagutzera emateko eta gizartearen kontzientzia pizteko tresna eraginkorra baita. Baina, ideia hau onartzea ez du esan nahi internet askatasun osoa bermatzen duenik (nahiz eta sarea arautzen duen legedirik ez egon).
Borrokarako arrazoiak ezagutzera emateko tresna eraginkorra da, baina, ez du askatasun osoa bermatzen.
Manuel Castells soziologoak , espioitza digitala eta kontrol informatikoa bereizi ditu. Bere ustez, gobernuek espiatzeko gaitasuna izan arren, informazioa kontrolatzeko ahalmena galdu dute auto-komunikazio masiboaren ondorioz. Nire ustez, nahiz eta zentzura bezalako neurriak hartzeko gero eta oztopo gehiago topatu, beste motatako presioa egiteko tresnak eskuratu dituzte, zentsura edo kontrola bezain zelatariak eta askoz ere sotilagoak direnak. Alde batetik, iritzi publikoan eragina izango duten gaiak (zeharka) txertatzeko ahalmena dute: gaur ona dena, bihar txarra izango da; astelehenean larriegia dena, ostiralean garrantzirik gabeko kontuan bilakatuko da. Bestalde, beldurra eragiteko gaitasuna dute ere. Kartzelarekin zigortutako rap abeslari eta txiolarien kasu mediatikoen bidez, zigor zentzagarria ezartzearen fenomenoaz baliatzen dira; edota interneten geratzen diren arrastoak etorkizunean izango dituen eraginen inguruko diskurtsoaren bitartzez: enplegu bat lortzeari edota kargu publikoa bilakatzeko aukerei begira, adibidez.
GEORGE ORWELL, ALDOUS HUXLEY ETA ILUSIOEN JOLASA
Aurrean aipatutako guzti hau ondo ulertzeko, George Orwells-en “1984” eta Aldous Huxley-en “Un mundo feliz” eleberrietan azaltzen diren egoerak adibide aproposak dira. Lehenengoan, zentzura, debekua, eta adierazpen askatasun eza dira nagusi. Bigarrenean aldiz, gizarte infoxikatuan bizi dira. Orwells-en istorioan botereak informazioaz pribatu egiten ditu hiritarrak, egia ezkutatzen die; Huxley-en kontakizunean, aldiz, hainbestekoa da informazioa, hiritarrek modu pasiboan jasotzera mugatzen direla, eta egia zein den ezagutzea garrantzia galtzen du.
Arriskutsua da askatasun osoz erabakitzen eta aukeratzen gaudela ustea.
Beraz, arriskutsua da askatasun osoz erabakitzen eta aukeratzen gaudela ustea. Zertarako debekatu, gure mintzagaiak zehazteko ahalmena badute? Zertarako zentzuratu, informazio masiboaren bidez gure arreta desbideratzeko gai baldin badira?

Masen auto-komunikazioak igorlearen eta hartzailearen rolak nahastu ez ezik, espioitza eta kontrol modu berriak ekarri ditu: boteretsuek interneten aske garela saldu digute, eta ilusioaz baliatzen dira euren helburuak lortzeko. Sare Sozialak mobilizazioa sustatzeko tresna interesgarria izan arren, gainazalezko iraultza burutzen da gehienetan. Hain arina da informazioaren eta iritziaren mugimendua, gai gehienak gainazalean galtzen direla horietan sakontzeko gogoeta suspertu gabe. Hau da, pertsona askoren kontzientzia astintzea helburu duen mezuak, une batez sumina piztea baino ez du lortzen. Beraz, informazioaren demokratizazio osoa eman dela defendatu dezakegu?
Comments